2022-23 ikasturtean abiatu genuen proiektu honek Lasarte-Oria herriko haur eta helduak harremanetan jartzea du xede nagusi, belaundi ezberdinen arteko zubiak eraikitzea. Horretarako astean behin lehen hezkuntzako gela bat Atsobakar egoitzara joaten da bertako egoiliar eta erabiltzaileekin jarduera bat egitera.
Denetarik egiten dute jarduera hauetan, esku-lanak, musika, kirola, lanketa emozionala, memoriaren lanketa, herrian egon diren aldaketen inguruan hitz egin, garai ezberdinak konparatu, bertsoetan aritu…
Proiektu hau benetan aberasgarria da gure ikaslegoarentzat eta Lasarte-Oriako helduentzat ere. Elkar zainduz, belaunaldi bakoitzaren inguruko kontuak ikasten ditugu, elkar elikatzen gara eta elkarrengandik ikasten dugu.
Belaunaldien arteko harreman honek onura ugari ematen dizkigu elkarri:
- Ezagutza eta esperientziak belaunaldi ezberdinen artean transferitzea.
- Gure inguruko gertakari historikoen protagonistak ezagutzea.
- Bizitzako fase ezberdinen ezagutza izatea.
- Haur eta helduekiko dauden esterotipoak apurtzea.
- Kultura ezberdinen arteko harremana sustatzea.